Informaziotik ezagutzara,
eta ezagutzatik ekintzetara
Eremu profesional ezberdinetatik zetorren pertsona-talde txiki batek sortu zuen Siadeco S.Coop.L. (“Sociedad de Investigación Aplicada para el Desarrollo Comunitario”), 1967an. Komunitatearen zerbitzura lan egiteko gogoa partekatzen zuten, baita kezka komun bat ere: eremu sozialean eta ekonomikoan informazio operatiboa sortzeko beharra, gero eta konplexuagoa zen errealitatea ziurtasunez interpretatzeko eta irtenbideak proposatzeko. Gure inguruan aitzindaria izan zen Siadeco, zeregin horretan. Hasierako bideari eusten diogu, gaur egun ere.
Kooperatiba-izaera eta komunitatearekiko zerbitzua dira Siadecoren jardunaren gidari. Bestalde, entitate guztiz independentea da gurea, beste edozein erakunderekiko, entitaterekiko edo enpresarekiko. Inpartzialtasun horrek gure lanaren objektibotasuna eta fidagarritasuna indartzen ditu.
Egiten ditugun lan guztietan hizkuntzaren eta generoaren ikuspegia zeharlerrotasunez txertatzen direla bermatzen dugu.
Ezagutza-arlo ezberdinetan prestakuntza akademikoa duten profesionalez osatutako lantalde egonkorra du Siadecok. Balioaniztasuna da gure beste ezaugarrietako bat, hainbat gizarte-arlotako lanetan aritzeak eman digun esperientziari eta malgutasunari lotuta.
Gure barne lantaldeaz gainera, esku artean ditugun proiektuen arabera, profesional, entitate eta enpresa espezializatuekin ere kolaboratzen dugu. Lankidetzan oinarritutako metodologia honek ahalbidetzen digu soluzio integralak eta espezializatuak ematea, betiere, kalitate- eta objektibotasun-estandar altuenei eutsiz.
Ezagutza sortuz eta partekatuz, irtenbideak ematea dugu xede