eu - es - en - fr

Siadeco

Ikerketa aplikatua

Aldizkaria

Argitalpenak

1986

E.I.F.E. Euskararen Irakaskuntza: Faktoreen Eragina.

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Idazkaritzak eta Hezkuntza, Unibertsitatea eta Ikerketa Sailak sustatutako argitalpen hau, ikastetxeetako euskararen irakaskuntzan  eragiten duten zenbait faktore aztertzeko egindako ikerlan baten ondorioa da. Proiektu hau, aipatutako bi erakundeen eta Siadecoren arteko elkarlanaren fruitua da. Ikerlan honen helburua nagusiak honakoak dira: irakaskuntza elebidunaren 3 ereduetan (A, B eta D) OHOko 2. eta 5. mailako ikasleek duten euskararen eta gaztelaniaren ezaguera maila neurtzea hizkuntza testen bidez eta haur horien euskararen irakaskuntzan eragiten duten zenbait faktore psikolinguistiko, soziolinguistiko, pedagogiko, etab. aztertzea (analisi estatitistiko desberdinen bidez: kontingentzia taulak, Osagai Nagusien Analisia, Korrespondentzia Anitzen Analisia). Ikerketa hau, EAEko ikastetxe publiko, pribatu eta ikastoletan, 1983-84 ikasturteko 1968 haurren lagin batean bildutako datuetan onarritzen da.

1986

Euskara Donostian

Donostiako Udalaren enkarguz Siadecok egindako Azterketa Soziolinguistikoren laburpena da, Martin Ugaldek idatzitakoa 1986an. Euskara Donostiaren historian kokatzen da, 1981 eta 1986 urteetan euskara zenbat donostiarrek ezagutzen zuten jasotzen du, ezagupenaren datuak auzoka jasoak daude (1981ekoak), 1985ean Donostian euskara zenbat erabiltzen zen datuak biltzen dira eta azkenik euskararekiko iritzi, jarrera eta balorazioak ere aurkezten dituen liburua da.

1984

Euskara gizarte bizitzan

Tolosako Udalak bertako Euskara Batzordearen bidez antolatutako "Tolosan Euskaraz" jardunaldien barruan Lluis V. Aracil eta IƱaki LarraƱagak esandakoen bilduma da, 1984an argitaratua. Argitalpenean jasotako edukiak dira besteak beste, euskararen atzerakadaren historia, euskararen egoeraren diagnosia eta ordezkatze prozesuaren sintomatogia, euskara irakaskuntzan, euskara administrazioan, euskara gizarte zerbitzuetan eta euskara lan munduan.

1979

Hizkuntz borroka Euskal Herrian

Euskaltzaindiarentzat Euskal Herri mailako lehendabiziko "Euskararen Soziolinguistika Azterketa" egin zuen Siadecok eta ikerketa horren laburpena da 1979an argitaratutako Hizkuntz Borroka Euskal Herrian liburua. Helburu orokorra, batetik linguista eta ikertzaileei egokitutako informazioa bildu eta sortzea izan zen, profesionalei oinarrizko informazioa eskuratzea alegia; eta bestetik, lanari ezaugarri zientifiko oso garbia ematea (interpretazio subjektibora hain arriskubera den soziolinguistikaren alorrean batez ere), hasierako eskema teorikotik aurrerantz erabilitako metodologian eta datuen tratamenduan. Adibidez oinarrizkoak izanik sarritan era nahasgarrian erabiltzen direnetan: "hizkuntzen arteko ukipen-arazo linguistikoa", "elebitasuna eta diglosia", "berreskuratze eta normalizatze linguistikorako prozesua", "euskaldun eta ez euskaldun",.... Helburu sektorialei dagokienean azterlan horretan lehendabiziko aldiz jasotzen da, besteak beste, euskararen atzeraketa edo galtze fenomenoa nola gauzatzen den, zeintzuk izan diren data edo gertakizun adierazgarrienak eta beraien ondorio sozio-politikoak, zeintzuk izan diren eragina izan duten faktorerik esanguratsuenak eta zeintzuk, azkenik, hartatik sortutako erresistentzi faktoreak. Aztertzen da baita ere, euskararen ezaguera maila, gurasoengandik semeenganako transmisio prozesuaren funtzionamendua, erabilera maila, euskarazko kulturizazio prozesua eta beste hizkuntza batzuekin alderatuz euskarari buruzko iritziak. Azkenik, garai hartako berreskuratze aztarnei buruzko informazioa biltzen du: ikastolen egoera eta bilakaera, irakaskuntzaren egoera ikastetxe pribatu eta ofizialetan eta alfabetatze-euskalduntze eskoletako (gaueskolak) eskarmentua.

1977

Euskararen Liburu Zuria

Euskaltzaindiak sustatu eta orduko Lan Kide Aurrezkiak finantzatuta, Siadecok egindako koordinazio lanari esker argitaratu zen 1977an Euskararen Liburu Zuria. Euskarari falta zitzaion kondaira klinikoa da, profesional desberdinek, bakoitzak bere espezialitatetik, parte hartzea eskatu zuena. Lehen zatian hizkuntzaren giza ikuspegia, kultural eta politikoa lantzen dira. Bigarrenean, euskara berari heltzen zaio, bere kondairan barna, euskararen ahozko literaturaren aberastasun zaharra eta gutxi ezaguna, eta beranduago, literatura idatzian ezarria. Hirugarren zatian, euskarari eragiten dioten faktore sozio-ekonomikoak, bereizten duten zeinu etniko eta sozio-kulturalak, derrigorrezko ibilgailu eta galga edo frenu gertatu izan diren elementu politiko-administratiboak, euskararen babesgabetasun ofiziala agertzen duten faktore juridiko-legalak eta Euskadin Estatuto diferenteetan euskarari buruz egin izan den trataeraren estudio konparatiboa jasotzen da. Laugarren zatian, ez ofizial diren beste hizkuntzek ukan dituzten problemak aztertzen dira. Azkenik bosgarren zatia, elebitasunari buruzko lan bat jasotzen duena da.

1975

Oria Hibaiarroaren aurreazterketa sozioekonomiko eta teknikoa.

Oria ibai arroaren azterketa sozioekonomiko eta teknikoaren dibulgaziorako libuxka hau, Oria Garaiko Eskualde-batzordearen eskariz argitaratzen da (Zegama, Zerain, Idiazabal, Mutiloa y Segura) eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguz Siadecok egindako proiektuaren laburpen txiki bat da. Lan osoak 12 dokumentu-txosten ditu. Liburuxka hau, ondorengo atalen inguruan egituratzen da: aurkezpena, uraren erabilera eta kontsumoa Oria ibai arroan, "uraren politika" eta berorren eragina ura erabiltzerakoan eta gastatzerakoan, industritarako urarentzat burubideak, edateko urarentzat burubideak, kutsadura gutxitzeko uraren burubideak, uholdetarako irtenbideak, enbaltsatutako uraren premien hipotesia, ondorio teknikoak, Goiherrin enbaltseak non egin aukerabideak eta aurreikusitako edukierara iristeko aukerabideak.

1974

Goiherri Bailara industrigintza bidean

1974ko argitalpen hau, Siadecok Goierrin egindako azterketa sozio-ekonomiko batean oinarria duena, garrantzia handikoa da 70. hamarkadaren hasieran Goierriko errealitate ekonomikoa zein zen ezagutzeko, bai ekonomiaren egitura ikuspegitik eta baita ikuspegi dinamikotik ere. Egitura ikuspegitik, ekonomiako sektore eta azpi-sektore desberdinen osaketa eta banaketa eta beraien garrantzia erlatiboa nolakoa zen jasotzen duelako; eta dinamikoa, iragan denboran izandako eboluzioa eta sektore desberdinek etorkizunean izango zutena kontuan hartzen zuelako.
Ikerlanak eta argitalpeneko informazioak, familia aurrekontuei buruzko lehen ikerlana eskaintzen du eta berrikuntza bat izateaz gain, ondoren egin ziren beste ikerlan batzuetarako oinarri gisa ere funtzionatu zuen.

1972

Arrasate eta bere etorkizuna. Gipuzkoako industri herri baten azterketa sozio-urbanistikoa eta etorkizuna.

Siadecok 1970-1971 aldian Arrasateko Udalak eskatuta egindako azterlan baten laburpenari dagokion argitalpena da. Alderdi urbanistikoak Jabier Unzurrunzaga arkitektoak aztertu zituen. Hiri Ordenamendurako Plan Orokorrari begira, udalerriaren azterketa sakona egin zuen Siadecok Ikerketarako eskema, udalerri baten etorkizunean gehien eragiten duten hiru faktoreen araberakoa izan zen: biztanleria, jarduera ekonomikoa eta lurraldea. Arrasaterentzat etorkizunera begira erabaki zuzenak hartzeko erabilgarria suertatuko zen ikerketa lan bat izan zen, lanerako teknika modernoak aplikatuz aurrera eramandakoa.